|
XXXI. EUSKAL ZINE ETA BIDEO BILERA
Itxurbaltxa ikus-entzunezkoarentzako izan da XXXI. Euskal Zine eta Bideo Bilerako sari nagusia. Sormenezko arloan eta lan amateurren artean Josu Bilbaok aurkeztutako lana suertatu da, pasa den azaroaren 22an, irabazle.
Amaiera ekitaldiaren aurretik, baina, aurreko astean zehar lehiaketara aurkeztu diren euskaraz egindako 36 ikus-entzunezko lanak ikusteko eta gozatzeko aukera izan da Lekeitioko antzokian.
Lehiaketaz kanpo beste lan bi ikusteko aukera ere izan zen azaroaren 17an Lekeitioko Kultur Etxeko Azkue aretoan: Cristina Ertzeren Agurea eta balea (Antonio de Ertze lekeitiarraren Gerra Zibilen konturako lekukotasuna) eta Jose Ramon Txopitearen Keep the Spirit Alive (Deskontrol-ek, Arrasateko street-punk musika taldeak, Estatu Batuetan eginiko bira; Rock & Roll Road Movie bat, alegia).
Cristina Ertzeren filma, gainera, Cannes jaialdiko Short Film Corner atalean aurkeztu zen estreinakoz; eta irailaren 24an, New Yorkeko Zine eta Bideo Jaialdi Independentean izan zen ikusgai.
Azaroaren 22an, lehiaketara aurkeztu ziren azken bost lanak pantailaratu ondoren, Epaimahaiak erabakitakoa eman zen ezagutzera. Ikus-entzunezko munduan ezagunak eta eskarmentu handiko lau kidek osatu zuten Epaimahaia: Arantza Lauzirika, unibertsitateko irakaslea eta ilustratzailea; Kontxa Elorza, unibertsitateko irakaslea baita ere; Edu Oregi, gidoigilea; eta Aitor Aranguren, Goenkale eta Balbemendi telesailen errealizadorea.
Lau epaileen erabakia Felix Arkarazo eta Iratxe Elorriaga aktoreek irakurri zuten eta honako hau izan zen:
- Dokumental eta erreportajeen atalean, amateurren artean, bigarren saria Juan Miguel Gutierrezi eman zioten Astoaren Bluesa lanagatik. Lehen saria, berriz, Juan Bidegainen Non lanak eskuratu zuen. Profesionalen artean, Mikel Mendizabalaren Erraietan lanak eraman zuen bigarren saria; eta David Maezturen Psicobloc: Ur sakonetako bakardadea lanak, lehena.
- Argumentuzko atalean, amateurren artean, Iñigo García eta Jose Luis Barredoren Andarika, kilker eta emakumeei buruzko gogoetak lanak irabazi zuen bigarren saria; eta Mikel Alvarezen Xabiertxo lanak, lehena. Profesionalen artean, Asier Urbieta eta Andoni de Carlosen Pin, pan, pun lanari eman zioten bigarren saria; eta lehena hutsik uztea erabaki zuten.
- Sormenezko atalean, amateurren artean, Idoia Soloresen Itzalitako telebista lanak irabazi zuen bigarren saria; eta Josu Bilbaoren Itxurbaltxa lanak, lehena. Profesionalen artean, bigarren saria David Zabalaren Express bahiketa lanari eman zioten bigarren saria; eta lehena hutsik uztea erabaki zuen epaiak.
Horiez gain, epaileek aipamen berezi bi egin zituzten: Koldo Rodriguezen eta Bea Santamariaren Aterpetxea lanari, bata; eta Mikel Merinoren Gizon Lokartia lanari, bestea.
Sariak banatzera ondoko jaun-andreek atera ziren oholtzara: Arantza Lauzirika, epaimahaikidea, Pedro Mari Madarieta, BBKko ordezkaria, Erramun Osa, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Koordinaziorako zuzendaria, Joseba Bengoetxea Lekeitioko Udaleko Kultur zinegotzia eta Jose Mari Cazaliz, Lekeitioko alkatea.
Sari banaketa alaitzen Marlena Smalls & The Hallellujah Singers gospel taldea aritu zen. Marlena Smalls Amerikako Estatu Batuetako artista aldakor, dinamiko eta inspiratzaileenetako bat dugu. Marlenak, gainera, badu zinearen munduarekin zerikusia, Joel Silver pelikula-ekoizlearekin eta Glen Close, Demi Moore eta Tom Hanks bezalako artistekin lan egin baitu; eta nabarmentzekoa da "Forrest Gump" pelikulan interpretatu zuen Buba's Mom-en pertsonaia.
Antolaketa lanei dagokienez, jakina da, iaz amaitutzat eman zuela bere ibilbidea zinemaldia antolatu izan duen taldeak, 30 urtetan lanean gogor aritu ondoren. Haren lekukoa Lekeitioko Udalak hartu du, LEKEITIO euskal sormenaren erreferentzia izaten jarraitu nahi delako. Eta antolaketa lanak primeran joan dira, arazorik gabe.
Bestalde, ikusle kopuru handia ikusi izan da kultur festa gogoangarri honen inguruan, giro ezin hobean.
Euskal Zineak, bada, aste borobila eskaini digu beste behin, guztiz positibotzat jo daitekeen balantze orokorraz.
|